Zabaleko eta Lucas Rey ikastetxeetan jolaslekuak sortzea eta AEK lehengo eraikina eraistea, Amurriokoekin ekimenaren proposamen irabazlea

Amurriokoekin partaidetza-aurrekontuen proiektuak, 2016ko azaroan,  proposamen irabazleak hautatu ondoren, 400.000 euro zertan inbertitu zehazteko hasi zuen prozesua bukatu du. Proiektu hauek lortu dute boto-kopuru handiena:

  1. Zabaleko eta Lucas Rey ikastetxeetan jolaslekuak sortzea eta AEK lehengo eraikina eraistea. 169.500,00 €.
  2. Amurrioko argiteria hobetzea, Argiteria Planaren arabera. 200.000,00 €.
  3. Amurrioko oztopo arkitektonikoak kentzea, Irisgarritasun Planaren arabera. 30.500€.

“Burutuko diren proiektuen azken hautaketa, herritarren bozketaren bidez zehaztu dena, herritarren partaidetzari esker egin da; izan ere, 710 herritarrek bozkatu dute, hots, Amurrioko biztanleen % 8,15ek. Bozketan parte hartzeko, bi baldintza bete behar ziren: herrian erroldatuta egotea  eta 16 urtekoa edo hortik gorakoa izatea. Boto-kontaketan 32 boto baliogabe ere zenbatu dira.

Oraindik aurrera, administrazio-kudeaketako denboraldia hasiko da, emaitza horiek gauzatzeko. Irailean bilera bat egingo da bi ikastetxeekin, guztion artean proposamen horri aurre egiteko modua erabakitzeko. Halaber, argiteriari dagokionez, martxan badagoen planaren arabera jardungo da. Eta irisgarritasunari dagokionez, badaude lehentasun batzuk, eta 30.500 euroko soberakina premiazkoenak burutzeko erabiliko da”, azaldu du Amurrioko Udaleko alkateorde Txerra Molinuevok.

“Era berean, prozesua bukatu ondoren, gogoeta egingo dugu proiektuan parte hartu dugun agente guztiok –talde teknikoan nahiz talde eragilean dihardugunok–, udaleko ordezkariok eta herritarrok, partaidetza-ekimen hori balioesteko eta etorkizunean antzeko ekintzak proposatzeko aukera aztertzeko”, adierazi du Amurrioko Udaleko alkateordeak.

Amurriokoekin aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan aurkeztutako proposamenak baloratzeko epearen luzapena

Une honetan, Udaleko Zerbitzu Teknikoak herritarrek aurkeztutako inbertsio-proposamenen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertzen ari dira. Martxorako amaituta egotea aurreikusten zen, baina proposamen asko egon dira eta horietako batzuk zailak dira baloratzeko; hori dela eta, epea apirilera arte atzeratzea erabaki da, balorazio eraginkor eta zehatza egin ahal izateko.

Zalantzarik izanez gero, jo Udaleko Herritarren Partaidetza Zerbitzura (945 891 161 / partehartzea@amurrio.eus).

Eskuragarri dago AmurriokoEKINen I. fasean aurkeztutako proposamenen zerrenda

AmurriokoEKINek, aurrekontu parte-hartzaileen udal-proiektuak, azaroaren 15aren eta urtarrilaren 15aren bitarteko lehenengo fasean jasotako proposamenak biltzen dituen zerrenda eman du ezagutzera.

Aurkeztutako 379 proposamenetatik, 17 prozesutik kanpo geratu dira; izan ere, ez dituzte betetzen parte hartzeko eskakizunak; alegia, Amurrion erroldatuta egotea eta 16 urte edo gehiago izatea.

Era berean, aurrera jarraituko luketen 362 proposamenetatik, 245 errepikatzen diren ideiak dira, hau da, ideia edo proposamen bera gutxienez bi aldiz aurkeztu da, eta, kasu jakin batean, ideia bera 73 aldiz aurkeztu dute pertsona desberdinek.

Kasu horietan, prozesuarekin aurrera egin eta proposamenak baloratu ahal izateko, Talde Eragilearen kontrastearekin (herritar boluntarioen taldea), errepikatzen zirenak bateratu dira; beraz, 245 ideia horiek 47 dira orain. “Errepikatzen ez diren” proposamenak ere kontuan hartuta, amaierako zerrendan 164 ideia jaso dira.

Proposamenen zerrenda gaika antolatu da; www.amurriokoEKIN.eus orrian dago eskuragarri, eta kopia bat utzi da inprimatuta horiek jasotzeko kutxak jarri ziren puntuetan.

Hirigintza eta Obrak eta Zerbitzuak arloetarako jaso da proposamen gehien: 84, guztira.

Martxoaren amaiera arte, II. fasea egingo da, eta udal-langile teknikoek jasotako proposamenen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa balioetsiko dute.

Amurrioko herritarrek udalerria hobetzeko 379 proposamen egin dituzte

Amurriokoekin, parte hartzeko aurrekontuen udal-proiektuak ideiak jasotzeko epea itxi du. Hemendik aurrera, eta proposamenak aurkeztu dituzten pertsona guztiek baldintzak (16 urtetik gorakoa izan eta udalerrian erroldatuta egon) betetzen dituztela aztertu ostean, bigarren faseari emango zaio hasiera. Bigarren fase horretan, prozesuan planteatu diren ekimen bakoitza teknika eta ekonomia aldetik bideragarria den erabakiko da.

Fase berria modu eraginkorrean garatzeko eta ideien ebaluazioa errazagoa izan dadin, errepikatzen diren proposamen guztiak bakar batean bilduko dira.

Proposamenak biltzeko irizpidea prozesuaren jarraipen xehea egiten ari den herritar boluntarioen taldearekin adostu da.

Otsailean argitaratuko da proposamen guztien zerrenda.

Datos participación 1

 

Datos participación 2

 

AmurriokoEKIN prozesuaren I. Faseko parte-hartze datuak kontsultatu