Amurrioko Udalak AmurrioKOEKIN jarri du martxan: partaidetza-aurrekontuen proiektua

Categories: Sin categoría

postits1Amurrioko herritarrek erabakiko dute herri-bozketaren bidez 2017an 200.000 euro eta 2018an beste 200.000 euro zertara bideratu.

Prozesuak lau fase nagusi izango ditu. Lehenengoan, herritarrek eta hainbat elkartek hurrengo bi urteetarako inbertsio-proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Bigarrenean, Udalak proposamenen bideragarritasuna aztertuko du. Hirugarrenean, proposamen asko badaude, gutxi batzuei lehentasuna eman beharko zaie, azken fasera proposamenen kopuru zehatzago bat eramate aldera. Eta laugarren fasean, ideia finalisten herri-bozketa egingo da.

Azaroaren 9an prozesua herritarrei aurkeztuko zaie, Katekesiaren areto nagusian, arratsaldeko 18:30ean. Proiektuaren xede nagusia da udalerriko herritarrek udal-aurrekontuaren zati bati buruz eztabaidatzea eta erabakitzea.

Prozesura bideratutako aurrekontua (200.000 euro 2017rako eta 200.000 euro 2018rako), inbertsioen kapituluari dagokio. Hortaz, Udalak Amurrion eraiki edo erosi ditzakeen udalaren eskumeneko egitasmoak aurkeztu ahal izango dira. Eskuduntzako auziak direla eta, prozesutik kanpo geratuko dira Administrazio Batzordeetako inbertsio-proposamenak.

Amurrion erroldatutako 16 urte edo gehiagoko pertsona orok parte hartzeko aukera izango du, eta proposamenak 2016ko azaroaren 15etik 2017ko urtarrilaren 15era aurkeztu ahal izango dira.

Pertsona bakoitzak nahi beste egitasmo helarazi ahal izango dizkigu bideratutako ereduari jarraikiz. Horretarako, honako bide hauek erabili ahal izango ditu: postontziak (Udalean, kiroldegian eta Kultur Etxean daude), online (www.amurriokoekin.eus), posta elektronikoa (partehartzea@amurrio.eus) edo udaletxean arratsaldeko 18:30ean honako egun hauetan egingo diren gaikako saioetan:

Gaia Data
Gizarte Ongizatea eta Berdintasuna 2016/11/15
Kultura, Jaiak, Kirola eta Euskara 2016/11/16
Ekonomiaren Sustapena 2016/11/22
Gazteria, Hezkuntza eta Kooperazioa 2016/11/23
Hirigintza eta Ingurumena 2016/11/29

Auzoetan ere egingo dira saioak; bando bidez egingo dira jakinarazpenak. Halaber, kiroldegian eta merkatu egun batzuetan informazio-karpa bat jarriko da, eta bertan proposamenak aurkezteko laguntza eskainiko da.

Azkenik, prozesua gertuagotik jarraituko duen lantaldean parte hartu nahi baduzu, jar zaitez harremanetan Leire Zuazo Partaidetzako teknikariarekin Udaleko telefonora deituz (945 891 161)

 

Leave a Reply